slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

Alkartasun Eguna 2010: “Ez dugu beste biderik, gehitu entzuteko, eta jarduera horrek elkar ulertzeko bide berriak irekitzea.”

21 Ira, 2010 Euskal-Herria

Eguerdion lagunak,

Eskerrik asko urte batez gehiago gurekin egoteagatik. Lagunak, gaur Donostian egonik, nire hirian, ezin naiz alaiago egon. Eta espero dut ere zuek egun honetan, etxean bezala sentitzea donostiarron artean.

Gaur festa eguna dugu. Gure alderdia sortu zeneko festa dugu gaurkoa. Gaur ez dut gauza txarretaz hitzegingo, ez, gaur ez naiz ariko nazio eraikuntzan oztopo diren harrietaz, gure herriaren etorkizunean urratsen traba direnak, edo honen eraldaketa zailtzen digunaz. Gaur ez dut hitzegingo gobernu desberdinek sustatutako krisialditaz; ez dut hitzegingo krisialdi honen barnean, gobernu hauek ere bankuei emandako diru guztiaz. Ez dut hitzegingo langabezian dauden milaka lagunetaz; ezta ere gazteok lan duina lortzeko ditugun zailtasunetaz, gure oinarrizko beharrak asetzeko haina izateaz… ez dut inola ere hitzegingo duintasun minimo batekin mundu honetan gazte izatearen utopiaz; ez dut hitzegingo gai militarretan egindako gastuaren izatea, gure gizarte ongizatea jokuan dagoenean; atxiloketaz eta ilegalizazioetaz ez dut hitzegingo ezta ere… ni bezalako gazte atxilotuetaz, epaiketen esperoan, aldez aurretik gizarteak epaitu dituztenak; ez dut hitzegingo, ez, belaunaldi oso baten zapuztearen erantzuleetaz… ez, gaur jai giroan gaude, eta ez dut hitzegingo Euskal Herria Estatua izateko jarri dizkioten oztopo guztiekin sentitzen duen bihotza barneko tristezia.

Duela urtebete, Iruñan, argi eta garbi Nafarroari “bai” esan genion, Euskal Herriari “bai” esaten diogulako. Eta “baiezkoa” eman genion ere indar guztiak batzeari, Euskal Herria den baserri honen eraikitzea jarrai zetzan; oztopoak gaindituz, gure alkartasunaren izpia txoko guztietatik barreiatuko da. Eta lortu arte ibiliko gara. Bai horixe! Eta “bai” horren barnean, gazte garenoi eta atzetik datozen belaunaldiei ere, “bai” esan genion, Euskal Herriko etorkizuna ezin delako beste modu batean planteatu: gaztez osatutako herri batek etorkizuna duelako GaztEHerriari “bai” esan genion.

Aurten Gazte Abertzaleakeko kideok, Eusko Alkartasunaren urratsa jarraikiz, bide berriak ireki ditugu. Independentziara eramaten gaituzten bide berriak. Urte honetan zehar euskal gazte independentisten artean alkartasun eta konpromezu gunea sortuz joan gara, GaztEHerria horrentzat sorleku izan behar duena. Kasuak kasu, esperientzia traumatikoetatik abiatuta, pausoz pauso banatzen gintuena alde batera utzi dugu eta batzen gaituenari garrantzia emanez, herriarekiko elkarlana sustatu dugu. Baketsu eta langile gure aldarrikapenetan; zintzoak eta leialak, gure jarreran. Horiek izan dira Gazte Abertzaleaken lanaren ezaugarriak urte oso honetan.

Gazte Abertzaleakek Euskal Herriko laberinto honetatik ateratzeko egindako lanek oinarri baketsua, jarraia, zintzoa eta leiala izan dute. Argi eta garbi izan dezagun lagunak, Gazte Abertzaleak, Eusko Alkaltasunaren lagun leialak, betidanik  erresoluzioa aurkitzeko behar ziren bideak jorratzeko prest egon da. Sigla guztiak alboratuz, zubiak eraikitzeko eta elkarrizketa indartzeko lanean jardungo dugu, inor baztertu gabe noski. Sufritu duen pertsonaren ondoan egongo gara, honek ere konponbidearen eraikitzean parte har dezan, gorrotoaren eta enfrentamenduaren mamuak bazter ditzagun behingoz gizartean. Sufrimendua ulertzearekin bat bizi dugun gatazkaren irtenbidea aurkituko dugu eta pertsona bakoitzak bizi izan duen egoeraren aurrean jakingo dugu zer egin. Ez dugu beste biderik, gehitu entzuteko, eta jarduera horrek elkar ulertzeko bide berriak irekitzea. Eta ez dugu ahantzi behar gakoa bake kultura bat sustatzean datzala; eta belaunaldi berriak bide horretan hezitu behar ditugula. Eta planteamendu horretan ez dira ez zulo artifizialik sartzen, ezta biktimen atsekabea sartzen. Ez.

Hau dela eta, eta hamaika gauzengatik ere, lanean jarraitu behar dugu, hoiedertz garbia izanik aurrean. Bildurrik gabe, indartsu eta ziurtasun osoarekin, Eusko Alkartasuna beharrezkoa da gure herrian. Eusko Alkartasunak herri honetan sinisten duelako. Eusko Alkartasuna edonon eta edonoiz herri honen defentsan irtetzeko prest dagoelako. Eusko Alkartasuna behar dugulako, barraiatu dezagun gure hitza lau haizetara: Alkartasuna Euskal Herri osorako; Alkartasuna euskal herritar guztientzako; alkartasuna libre izan nahi duten herri guztientzat; alkartasuna inmigrante eta baztertuak dauden taldeentzat; alkartasuna pertsona hobeagoak izateko; alkartasuna zilegiagoa den mundu bat lortzeko. Hori da Eusko Alkartasuna nahi duena eta hori da lortuko duguna: Alkartasunatik Euskal Herria batzea!! Herrien Europa baten alde… Gora Euskal Herria askatuta!!