slide

  • Azaroaren 5eko herri galdeketetan, bai independentziari

    Erabakiaren aroa da eta Gazte Abertzaleak gazte erakundetik argi dugu zein den gure bidea Euskal Herri alai, anitz eta aske bat lortzeko: independentzia. Hori dela eta, azaroaren 5ean egingo diren, eta etorkizunean burutuko diren herri galdeketa ezberdinetan parte hartzen egongo …

  • Gora emakumeak alardean

    Aurten 21 urte betetzen dira “emakumeak alardean!” aldarria irailaren 8 batean entzun zenetik lehen aldiz Hondarribiko karriketan, eta 20 urte alarde parekidea sortu zenetik. Egoera aldatu dela esan arren, egoera anormal baten normalizazioa gertatu da urte hauetan. Normalizatu egin dira …

  • Gazte  Abertzaleakek  gogorarazten  die  turistei  Euskal  Herrian  daudela

    Gazte Abertzaleakek gogorarazten die turistei Euskal Herrian daudela

    Gazte Abertzaleakek kanpaina bat abiarazi du bisitatzen gaituzten pertsonei “historia, kultura eta hizkuntza propioa duen lurralde batean daudela eta Euskal Herria deitzen dela” kontzientziatzeko. Eusko Alkartasunako gazte erakundeak turistentzako erreferentzialak diren tokietan “You are in the Basque Country, neither Spain …

Aurre egin diezaiogun LGTBIfobiari

17 maiatza, 2017 Adierazpena, Albiste aukeratuak, Sexu Askapena

LGTBIfobiaren aurkako eguna da gaur, baina ez daukagu zer ospatzerik; homofobia, transfobia eta hainbat fobia gure gorputz eta arimetan jasaten baititugu gaur egun ere.

Mundu osoan zabalduak dauden jarrera zital hauei aurre egin behar diegu gogorki, baina bai Europan eta baita gure herrian ere ez gara ekintza doilor hauetaz libratzen. Moskutik Lisboara eta Atenasetik Dublinera lasai asko dabiltzan gaitzak dira hauek.

Euskal Herrian ere errealitate hau pairatzen dugu, gure herrian oraindik ez dugu LGTBIfobiarekin bukatu. Erasoak gutxitan ematen badira ere, gure kaleetan gorroto jarrerak ematen dira eta, mikromatxismoarekin gertatzen den modura, gure gizartean errotuta jarraitzen dute jarrera hauek. Gizarte hau itsu, mutu eta gor jarraitzen du askotan egunero ematen diren erasoekiko.

Europan faxismoaren eta ultraeskuinaren gorakadak sexu askapenaren aurkako jarrerak areagotzea errazten du. Urteetan zehar gure gizartearen baitan jasan ditugun jarrera hauek azken boladan ekintza bortitz bilakatu dira, eta oldarkor agertzen zaizkigu. Eraso fisikoak geroz eta gehiago ematen dira sentitzeko eta bizitzeko modu ezberdina duten pertsonengan. Behar beharrezkoa zaigu eraso hauen aurka mantendu dugun irmotasunari eustea, eta edonolako jarrera faxistei aurre egitea.

Administrazio publikoetatik erakusten zaigun egoera positiboa baino gordinagoa da datuek irudikatzen diguten errealitatea. LGTBIfobiek lasai asko jarraitzen dute gure herrietako kaleetan, gure etxeetan eta bereziki, gure ikastetxeetan. Botere publikoek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, egoera higuingarri hauei aurre egin baino.

Justiziaren eta poliziaren lankidetzak ere, kasu hauek artatzerakoan, gauerdiko ahuntzaren eztulak bezain bat laguntzen du jokabide hauek errotik baztertzeko orduan. Ezinezkoa da oraindik ere eraso hauek “gorrotoak eragindako” kasu gisa artatzea; betiko legez, falta soilak dira.

Eta zer esan eskoletako egoeraz? Euskal Herrian fobia hauetan oinarritutako eskola-jazarpena da euskal gazteriak bere buruaz beste egiteko kausa nagusia. Hezkuntza alorreko arduradun eta agintariei berehalako neurriak eskatzen dizkiegu, batez ere heteropatriarkatuaren eredutik at dauden sentitzeko eta bizitzeko erak euskal curriculumean txertatu ditzaten.

Eraso gehiagorik ez, LGTBIfobiari EZ!