slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

Basamortuko duintasuna Europara ekarri

27 Ots, 2015 Adierazpena, Sahara

39 urte igaro dira Saharako basamortuan barrena, deserrian, saharauiarrek Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zutenetik. Bitartean, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzen jarraitzen du, bertan bizi diren saharauiarrak jazartzen, torturatzen eta espetxeratzen, nazioarteko legedia eta funtsezko giza eskubideak urratuz. 1976ko otsailaren 27an, Bir Lehlunen, Marokok Sahara zatitzeko eraikitako harresiaren bestaldean, euren independentzia aldarrikatu zuten. Adierazpenetik saharauiarrek borrokan tinko jarraitzen dute, askapen nazionalean borrokan gabiltzan herriei eta mundo osoari duintasuna zer den egunero erakusten.

Herri saharauiarra hitz batekin definitu beharko bagenu, zalantza izpirik gabe duintasuna aipatuko genuke. Herri oso baten duintasuna, kanpalekuetan bizi den agurerik zaharrenetik hasita azkenengo gazteraino; eta noski, saharauiar emakumeak ahaztu gabe, beraiek izan baitira herria eraiki dutenak.

Kemena ere aipatuko genuke. 39 urte luzez jo ta ke borrokan, atzera pausorik eman gabe, hasiera batean borroka armatuaren bitartez eta 1991tik diplomazia eta politika erabiliz borrokatzen ere. Nazioarteak erreferendumaren promesa betetzen ez duen arren adorea galdu ez duen herria delako.

Sahara bitan banatzen duen harresiaren aurrean manifestazioak egin jarraitzen dute adorea, kemena eta duintasuna bete-beteak. Harresiaren ingurua minez josita egon arren, Marokoko soldaduek tirokatzen duten arren, saharauiar gazteak ez dira kikiltzen.

Baina Europak badu bere erantzunkizuna, ez soilik Mendebaldeko Sahararen gatazkan. Noski baduela, saharauiarren errekurtso naturalen ustiapen eta espolazioa eta Mendebaldeko Sahara zatitzen duen harresiaren indartze prozesuan errudunak ere badira.

2700km-ko luzera duen harresia teknologia eta berrikuntza berriekin indartu da azkenengo urteotan. Baina, nondik irten da diru hori? Zati handi batean europarron poltsikoetatik Frontex programaren bitartez. Horrela dirutza bideratu izan da Marokora migrazio mugimenduak kontrolatzera. Eta zer egin du Marokok? Diru hori harresia indartzeko erabili, besteak beste.

Baina Europaren errua ez da horretara mugatzen. 2013an Europako Parlamentuak Maroko eta Europar Batasunaren arteko arrantza ituna onartu zuen, Mendebaldeko Sahararen urak itunaren baitan aurkitzen zirelarik. Beraz, interes ekonomikoengatik, batez ere Espainiako Estatuarentzat, Europak nazioarteko legedia urratzen duen akordioa sinatu zuen.

Eta guzti honek zein lekutan uzten gaitu europarroi? Non geratu da gure duintasuna? Zapatetan nahigabe harea ekartzen dugun moduan basamortuko duintasuna Europara ekartzeak ez liguke txarrik egingo.