slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

Entzunik zuen irrintzia, xutik jar dadin Europa

25 maiatza, 2014 Europa

Errealitatea: Europar diputatuen adinaren batazbestekoa 55 urtekoa da. Ondorioa: Zaharrei diegun errespetu osoz, urrutiegi daude gazteon beharrizan, kezka eta politika ulertzeko moduetatik. Ekintza: Europar Parlamentuko hauteskundeetara aurkezktu gara, gure ahotsa, nahiak eta beharrak bete daitezen borrokatzera.

Errealitatea: Txilen hezkuntza sistema publikoaren kalitatea negargarria zen, ikasleak sekulako zorrak hartzen zituzten matrikula ordaintzeko, eta unibertsitate publikoko tituluak oso leku gutxitan konbalidatzen zituzten. Ondorioa: Ikasleek kurtso osoko greba egin zuten, geldialdiak hitzaldiz, mitinez, manifestazioz… betetzen zituztelarik. Ekintza: Txileko senatuan grebalari gazteak daude orain, eta hezkuntza legea aldatzea da hartu duten konpromiso nagusia.

Errealitatea: Euskal gazteon erdia, %50 borobila, langabezian dago. Ondorioa: Milaka eta milaka gazte, hau da milaka buru, gogo eta etorkizun, emigratu beharrean aurkitzen dira. Ekintza: Eusko Jaurlaritzako gazteria sailari gure arloko politikak egiterakoan (EGK..)

Errealitatearen egoerak ondorioak dakartza, eta ondorio horiek jendea mugiarazten dute. Gazteak izan ohi gara erreboltariak gehienetan, baina luze doan eta gizarteko arlo guztiak zanpatu dituen krisi honek askoz ere jende gehiago bultzarazi du kalera. Epaileak, emakumeak,  irakasle eta ikasleak, mediku eta erizainak, suhiltzaileak, garbitzaileak, mehatzariak, metal arloko langileak…. Nork ez du protesta egin egoera zail honetan, agintariek hartzen dituzten erabaki politikoak are eta gehiago murgiltzen gaituztenean zulo beltzean?

Hezkuntza sistema guztiz enpresara begirakoa egin nahi dute, ikasleon abilezia, jakinminak eta hizkuntzak bost axola zaielarik. Era berean, enpresa handi eta multinazionalekin egiten dituzte akordio ekonomikoak, enpresari txiki eta ertainak zergaz urkatuz, eta ekintzaileentzat diru iturriak itxiz. “Ekonomia hobetu behar dugu!” diote ahoa zifraz eta ehunekoz betez, eta herritarrak eskubidez eta askatasunez eransten gaituzten bitartean.

Eta nori egotzi behar zaio errua? “Ah, ez tira, hori…. Hori Europatik dator! Bai, gaizto guztiak, eri guztiak, gogorkeri guztiak Europatik datoz!” Hori esan eta lasai geratzen dira batzuk, sinistuko ditugulakoan. Europatik baldin badatoz, norbait izango da erantzule, eta beraz goazen bada Europako ate beldurgarri hori irekitzera…

Hau bai sorpresa! Europar Parlamentuan PP alderdiak du gehiengoa, eta beraz, berari esker (edo bere erruz) hartu dira erabaki latz asko. Baina alderdi horrek beste talderen baten onarpena behar du halako zorigaiztoko neurriak hartzean, eta hara! bigarren sorpresa; Alderdi Sozialistak eta Liberalak (PNV barnebiltzen duena) neurrion gehiena adostu dituzte PPrekin. Beraz, zein da ekarri behar duten aldaketa? Aldaketa ez dator zerutik, ez eta are gutxiago betiko politikak egiten. Zergatik ez dute aldarrikatu aldaketa hori aukera izan dutenean?

Europar Parlamentua grisa da orain. Eta pentsa nolakoa izan daitekeen, Cañete bat izanik alderdi bozkatuenaren ordezkaria, hamaika legegintzalditara aurkeztu baina inoiz legegintzaldia bukatu ez duen Jauregui ( horrek demostratzen duen erantzukizun eta gogo faltarekin), edo bertan 5 urtez egon, eta zertan ibili den ez dakigun Bilbaorekin. Grisa bazen, belea bezain ipurbeltz bilakatzeko arriskua du Europak hauen eskutan. Gero etorriko dira esanez eskubide hauen murrizketak Europak agintzen dizkigunak direla, aurpegi, buru eta begi hauek direnean Europaren pertsonifikazioa! Gazteak, aurrerakoiak eta berritzaileak, bai gero!

Europar Batasunak puntu beltz asko dituela badakigu. Demokraziaren adibide garden ez dela, eta oraindik ere arrotz egiten zaigula. Hori, baina, erakunde guztiekin gertatzen da; hasi udaletxeekin eta Nazio Batuen Erakunderaino. Baina belztasun hori aldatu daiteke jende aproposa jarriaz Bruselako eta Estrasburgoko aulki horietan. Gauzak aldatzera doazen konbentzimendua duten neska mutilak behar ditugu han; pertsona guztien askatasuna errespetatzen dutenak, hauen eskubideak bermatu eta aldarrikapenak entzungo dituztenak… herriko jendea, bere etorkizuna erabakiko duen jendea, eta bere inguruaz, bere herriaz, bere aberriaz, eta Pepe Mugicak dioen bezala, “que se dé cuenta que está tomando desisiones que afectan a la humanidad entera”.

Beti esan izan da gazteok errebelde izan behar dugula. Kasu honetan, errebeldiak eraman gaitu Europar Parlamentua aldatu nahi izatera, eta errebeldiak eraman behar zaituztete igande honetan, zuen Europa izatea nahi izango zenuketenaren alde bozkatzera. Errealitateak ondorioak dituelako, eta ondorio horiek ekintza merezi dutelako. Horrela, eta Orreagako kopletako azken bertsoarekin bukatuz, “Entzunik zuen irrintzia, xutik jar dadin Europa”

Iria Epalza, Aitziber Salazar eta Asier Gomez

Gazte Abertzaleakeko kideak eta herriek erabaki zerrendako hautagaiak