slide

  • Gora emakumeak alardean

    Aurten 21 urte betetzen dira “emakumeak alardean!” aldarria irailaren 8 batean entzun zenetik lehen aldiz Hondarribiko karriketan, eta 20 urte alarde parekidea sortu zenetik. Egoera aldatu dela esan arren, egoera anormal baten normalizazioa gertatu da urte hauetan. Normalizatu egin dira …

  • Gazte  Abertzaleakek  gogorarazten  die  turistei  Euskal  Herrian  daudela

    Gazte Abertzaleakek gogorarazten die turistei Euskal Herrian daudela

    Gazte Abertzaleakek kanpaina bat abiarazi du bisitatzen gaituzten pertsonei “historia, kultura eta hizkuntza propioa duen lurralde batean daudela eta Euskal Herria deitzen dela” kontzientziatzeko. Eusko Alkartasunako gazte erakundeak turistentzako erreferentzialak diren tokietan “You are in the Basque Country, neither Spain …

  • Gazte  Abertzaleakek  Eusko  Jaurlaritzari  eta  Irungo  Udaletxeari  Alardean  diskriminazioa  toleratzen  laga  dezatela  exijitzen  die

    Gazte Abertzaleakek Eusko Jaurlaritzari eta Irungo Udaletxeari Alardean diskriminazioa toleratzen laga dezatela exijitzen die

    Gazte Abertzaleakek Eusko Jaurlaritzari eta Irungo Udaletxeari Alarde pribatu eta diskriminatzailearen aurrean duen tolerantziari bukaera ematea exijitu dio. Gazte erakundea, urtero legez, Alarde publiko eta parekideko emakume eta gizonei udaletxean emango zaien harreran parte hartuko du. (gehiago…)

Ezker Eraldatzailea, Eusko Alkartasunaren birfundazioan sakontzen

26 maiatza, 2017 Iritzia

Ez gara urrun joango 8 urteetako ibilbidea aldarrikatzeko garaian. Ez ditugu kristalak beltzez margotuko gustatu ez zaizkigun gauzak oroitarazteko, ez eta jendarteari ezkutatzeko. 2009. urtean Gazte Abertzaleakek egindako Nazio Biltzarrean argi utzi zuen inoiz baino beharrezkoagoa zela indar ezkertiar independentistak batzea Euskal Herriak behar zuen askapen soziala eta nazionala aurrera ateratzeko. Ildo horri eutsiz gazte erakundeak konpromisoa hartu zuen modu batean zein bestean (lege-kanporaketak eta sarekadak gogoan) gazte erakunde ezberdinekin hartu emana eta elkarlana sustatuko zutela helburu hori josten hasteko bide. Hilabete gutxietara, 2009. urte horretan, Gazteherria sarea josten hasi ginen adostasunetan indarguneak bilatuz, euskal gazteriari bere eskubide zibil eta politikoak onartzeko aldarrikatuz.

Ordutik gerora, Lortu Arten egon ginen harro Eusko Alkartasunak hartutako bideaz. Konpromiso handiko egunak ziren: sinaduretatik harago, lan asko zegoen egiteke. Hodeiertz zabala esperoan genuen eta jendartearen ilusioa kaleetan gorpuzten zen. Euskal Herriaren egoera politiko eta sozialaren eraldaketa historikoa abian zegoen.

Hilabeteak eta urteak pasa dira. Baina Gazte Abertzaleakek helburu berdinekin jarraitzen du: Euskal Herriaren eraldaketa soziala emateko beharrezkoa baitira esparru ezberdinetatik egiten ditugun saiakerak, lortzen ditugun sinergiak, modu dialektikoan sortzen ditugun ezagutzak eta ilusioarekin pizten ditugun esperantzak.

Euskal Herriko gatazkak modu integralean lantzeko momentua dela adierazi dugu foro ezberdinetan, jakinda gatazken konpontzeko prozesuak herri hau eta berauen aktoreak eraldatzeko inpultsoa izan daitezkela. 2009tik hausnarketa horretan murgilduta Gazte Abertzaleakek Eusko Alkartasunan zirikatu nahi izan du alderdi barnean eredu aldaketa. Ez baita zilegi Euskal Herria baten aldaketaren alde lan egitea etxe barruko lanak egin gabe utzita. Sabin Intxaurraga lagunak ere argi utzi zigun gazte erakundeko jendeari horrela izan behar zuela. Gure jarduteko moduak ere ezbaian jarri behar dira gure ingurua sakonki eta positiboki eraldatu nahi badugu.

Hortaz, Gazte Abertzaleakeko azkeneko 8 urteetan zuzendaritza eraman dugun idazkariek Eusko Alkartasunaren ibilbidea azkeneko urte hauetan txalotzen dugu eta datozen urteetan bide zidorretatik ausart eta konplexu gabe aurrera egitea eskatzen diogu. XXI. mendeko Euskal Herria ezker eraldatzailea barneratzen duen mugimendua inoiz baino beharrezkoagoa da, ulertzen baitugu euskal sozialdemokraziaren birfundazioa horretan datzala: Rosa Luxembourg, Clara Zeitkin eta bestelako sozialdemokratek bere garaietan sozialdemokraziaren birsortzea aldarrikatu zuten bezala.

Gainera, gazte erakundeak EH Bilduren inguruan eta gazteriaren paperaz sakonki mintzo da bere batzarretan eta Nazio Batzarraren onespenaz koalizioaren prozesu eratzailea bultzatzea adostu du. Ariketa demokratiko eta parte-hartzaileen bitartez egingo du Euskal Herriak aurrera eta Gazte Abertzaleakek bere etorkizuneko apustua egin du, Euskal Herriaren askapen nazionala eta sozialerako apustua hain zuzen ere.

Marketing utsal eta interesatuek sortu nahi dituzten anabasetatik harago, datorren zuzendaritzari lerro hauen bitartez 2009tik Eusko Alkartasuna barrenean paradigma berriaren eraikitzearekin jarraitzearen beharra eta ausardia eskatzen diogu. Inoiz baino beharrezkoa baita Eusko Alkartasunaren 30 urteetako lanaren erreferentzia Euskal Herrian. Inoiz baino beharrezkoagoa baita Euskal Ezker Eraldatzailearen lana esparru sozial guztietan.

Maider Carrere, Haritz Perez, Ibon Garcia eta Asier Gomezen iritzi artikulua Eusko Alkartasunaren eta ezker eraldatzailearen inguruan – 2009tik Gazte Abertzaleaken idazkari nagusiak, hurrenez hurren.