slide

  • Gora emakumeak alardean

    Aurten 21 urte betetzen dira “emakumeak alardean!” aldarria irailaren 8 batean entzun zenetik lehen aldiz Hondarribiko karriketan, eta 20 urte alarde parekidea sortu zenetik. Egoera aldatu dela esan arren, egoera anormal baten normalizazioa gertatu da urte hauetan. Normalizatu egin dira …

  • Gazte  Abertzaleakek  gogorarazten  die  turistei  Euskal  Herrian  daudela

    Gazte Abertzaleakek gogorarazten die turistei Euskal Herrian daudela

    Gazte Abertzaleakek kanpaina bat abiarazi du bisitatzen gaituzten pertsonei “historia, kultura eta hizkuntza propioa duen lurralde batean daudela eta Euskal Herria deitzen dela” kontzientziatzeko. Eusko Alkartasunako gazte erakundeak turistentzako erreferentzialak diren tokietan “You are in the Basque Country, neither Spain …

  • Gazte  Abertzaleakek  Eusko  Jaurlaritzari  eta  Irungo  Udaletxeari  Alardean  diskriminazioa  toleratzen  laga  dezatela  exijitzen  die

    Gazte Abertzaleakek Eusko Jaurlaritzari eta Irungo Udaletxeari Alardean diskriminazioa toleratzen laga dezatela exijitzen die

    Gazte Abertzaleakek Eusko Jaurlaritzari eta Irungo Udaletxeari Alarde pribatu eta diskriminatzailearen aurrean duen tolerantziari bukaera ematea exijitu dio. Gazte erakundea, urtero legez, Alarde publiko eta parekideko emakume eta gizonei udaletxean emango zaien harreran parte hartuko du. (gehiago…)

Garena izan, eman eta egin! (Clara Zetkin gogoan)

7 Mar, 2014 Adierazpena, Albiste aukeratuak, Berdintasuna, Feminismoa

GA_kartela MARTXOAK 8 (1)

“gizonak mutu gelditzen direnean, geure idealak ozen esatea dagokigu emakumeoi”

Clara Zetkinen hitzak XXI. mende honetan diraute. 1910. urtean Copenhaguen Clara Zetkinek “emakumezkoentzat maiatzaren lehena” izan behar zuena aldarrikatu zuen, gerora “Emakumeen nazioarteko eguna” bezala ezagutu duguna.

Hitzak eta irudiak badiraute ere, 2014. urte honetan emakumeen eskubideen alde ibilbide luzea egiteko dugula argi dugu.

“gure lana ez dute ulertzen gure etsaiek, ezta gure kideek ere”

Duela mende bat morez margotu nahi izan zuten egun honek, egun emakumeok geure eskubideen jabe ez garela irudikatzen du. Honen harira Clara Zetkinek esan zuena gogora ekarri dugu geure borroka latzena gure ingurukoetan baitatza; egunerokotasunean hamaika arazo garrantzitsuagoak daudela eta emakumeen eskubideetan aurrera pausoak eman direla argudiatuz, edozein esparrutan emakumeen eskubideen alde jardutea bigarren maila batean uzten baitute.

Hipokresiaren armiarma sarean nahasirik dauden hamaika eskaintza eta berdintasunaren aitzakia, feminismoa albo batera botatzeko ahaleginetan, zaharkituta dagoen mugimendua dela sinestarazi nahi digute. Feminismoa, matxismoaren pare jartzen dutenak ere badaude, maltzurki sexu desberdintasunaren fruitu bera dela esanez; eta orduan oroitu beharrean gaude matxismoak feminismoarekin duen alde nabarmenetarikoa matxismoak emakumeak erailtzen dituela da.

Eta joko horretan gaude. Ez atzera ez aurrera. Emakumeen eskubideekin jolasean, nor baino nor berdinago, berdintasuna eskubideen bermea balitz bezala; hori bai, berdintasun horretan emakumeen eskubideak erabaki politiko eta erlijiosoen menpe utzita.

“emakume langileari bere mailako gizonarekin batera gizarte kapitalistaren aurka borrokatzea dagokio”.

Nork hitz-egingo du gutaz hiltzen garenean? Inork ez (pelikula gogora ekarriz). Horregatik antolatu eta geure eskubideen alde guk geuk borrokatu behar dugu. Inork ez du gure hitza kontutan izango desagerrarazten bagaituzte; isilarazten bagaituzte; lotsaz ezkutatzen bagaituzte.

Eta ez gaitzatela nahas: Feminismoa lan egin nahi duen guztiarentzat irekia dago eta bidelagun izan nahi duen oro ongi etorria da; Feminismoa gizaki orok besarkatu dezakeen askatasun taupada da. Clara Zetkinen hitzak berreskuratuz “Emakume langileari bere mailako gizonarekin batera gizarte kapitalistaren aurka borrokatzea dagokio”. Feminismoak gizarte eredua eraldatuz gizaki ororentzat giza legezkoa dena eman nahi dio. Ez gehiago, ez gutxiago. Garena izan, eman eta egin.

Ekintza zuzena eta argia bultzatu behar dugu: morez margo ditzagun geure gizartean aurkitzen ditugun hamaika oztopo; eta morez koloreztatu tokian tokiko sortzen diren berdintasunaren inguruko gatazkak; morez jantzi geure bihotzak mehatxu, bortizkeri eta bortxaketa baten aurrean; eta beste kolpe batean aurrean, bandera moreekin ingura ditzagun urtean erailak izaten diren emakumeak.

Erantzun garbiak, antolatuak eta bateratuak behar ditugu. Hemen eta mundu osoan. Gora borroka Feminista Internazionalista!