slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

Gazte Abertzaleakek Bateragune kasuko auziperatuak aske uztea exigitu du

25 Mar, 2012 Bakebidean

Gazte Abertzaleakeko ordezkariak diren Mikel Arreseigorrek eta Haritz Perezek atzo goizean Miramar jauregian egindako ekimen jendetsuan parte hartu dute, Euskal Herriko beste hainbat eragile eta pertsona erreferentzialekin, Bateragune auziaren errebokazioa exigitu dutelarik.Hona irakurri zuten testua:

“Datorren asteazkenean, hilak 28, “Bateragune” delako auzian Entzutegi Nazionalak 8 eta 10 urte bitarteko espetxe zigorretara zigorturiko Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto militante politikoen defentsak aurkezturiko helegitea aztertuko du Auzitegi Gorenak.

Izaera politiko nabarmena duen epaia aztertuko du Auzitegi Gorenak; iazko irailaren 16ean Entzutegi Nazionalaren moduko salbuespenezko auzitegi batek kaleraturiko salbuespenezko epaia.

Herri honetako gehiengo politiko eta sozialarentzat agerikoa izan zen iazko ekainean buruturiko epaiketak eta osteko epaiak herri honetan ematen ari diren urratsak oztopatu eta baldintzatzea zuela helburu. Helburu honetan huts egiten ari dira eta ziur gaude, ez dute lortuko.

Bost euskal herritar hauen aurkako zigor gogorrarekin, indar erakustaldia burutu nahi izan zuen Estatu espainiarrak, errepresioan oinarrituriko erakustaldia. Azken urteotan aldaketa nabarmen eta sakonak izan dituen errealitate politiko baten aurkako indar erakustaldia izan zen hura. Euskal jendartearen gehiengo batek bake, justizia eta demokrazian oinarrituriko etorkizuna ikuskatzen duen agertoki baten aurkako erantzun errepresiboa. Gure herriaren aurrean zilegitasunik gabe geratu den indar erakustaldia.

Izan ere, euskal gehiengo sozialak judikatura helburu politikoekin erabiltzea arbuiatzen du; agertoki berriaren aurka judikatura erabiltzea arbuiatzen du. Ideia politiko guztien defentsa eta antolaketa askeak bermatuak izan behar dutela aldarrikatzen euskal jendarteak. Ondorioz, egoera berri honetan ez dago lekurik, behin betiko eten behar dute, bake eta aterabideen aurkako agenda politiko eta judizialek.

Bertan bildu garen lagunok, Entzutegi Nazionalaren epaia baliogabetu behar dela deritzogu. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacintoren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen dugu.

Horrela, bertan bildutakook gatazkaren aterabide demokratikoarekiko gure konpromisoan berresten gara, bai eta bide horretan egun espetxeraturik dauden lagunek egindako ekarpenaren aitortzan. Bake eta konponbiderako lanean diharduten sektore politiko, sindikal eta sozial guztien berme eta sinesgarritasuna dute auzipeturiko lagunek.

Azkenik, datorren 28an Bilboko Albiako Lorategietako Justizia Jauregiaren aurrean burutuko den kontzentrazioaren berri emateko aukera probestu nahi dugu.”