slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

Gazteen parte hartzea sustatu nahi dugu panorama politikoan

23 Urt, 2015 Ibonen txokoa

Gazte Abertzaleakeko idazkari nagusi izendatu zaituzte. Zeintzuk izango dira zure helburu nagusiak?

Geure helburu nagusiak erakundea sortuz geroztik, duela 25 urte, jatorriz ditugun berberak dira; Euskal Herriaren independentzia, justizia soziala eta demokrazia erreala ezartzea. Helburu nagusiak eta estrategikoak izanik, horien arabera zehazten ditugu urtez urte lantzen ditugun plangintzen ildoak eta erronkak: gazteen parte hartzea sustatzea eta bere presentzia errotzea egungo panorama politikoan, bai politikak egiteko joerak aldatzeko, baita panorama politikoa bere orokortasunean aldatzeko; gure erakundea gazteentzat lanabesa da, politikak egiteko eta politikarako grina duen oro, formakuntzarako gunea du geurean.

 
Zeintzuk dira zure ustez gazteen arazo larrienak?

Egun gazteok bizi ditugun arazoak, urteetan gazteak izan dituzten arazoen ildotik doaz; esan dezakegu gazte izanagatik berez datozkigun aferak direla, sistematikoki errepikatzen direnak belaunaldiz belaunaldi. Ikasketarako diru laguntza eskasak eta irakaskuntza sistemak berak sortzen dituen ezberdintasunak, lan mundura sartzeko arazoak eta eurekin bat datorren gazteen langabezi tasa altua edota kalitate eza duten lan postuen eskaintza, etxebizitzaren merkatuan sartzeko arazoak eta etxebizitza merkatuak ezartzen dizkigu joko-arau beteezinak… hamaika gai aipa ditzaket, guztiak ere larriak baitira.

 
Lan merkatu eta etxebizitzari buruz hitz egin duzu. Nola ikusten duzu egungo egoera?

Gazte Abertzaleaketik bi gai hauek osoki planteatzen ditugu indarkeri estrukturalean deritzogun sailean, subirautza ekonomiko ezatik eratorritako arazo argiak izanik eta sistemak berak eramaten gaituena. Gazte izateak berez suposatzen dizkigun zailtasunen artean gai honetan hiru habe garrantzitsu ezberdintzen ditugu: familiaren etxebizitzatik irteteak eta etxebizitza gune berri bat egitea, formakuntza epearen luzamenduarekin eta lan mundura sartzeko atzerapena. Gazteen emantzipazio prozesuaz asko eztabaidatu da azken hamarkadetan eman duen atzerakadarengatik eta influentzia duten oztopoen harira, urruti joan gabe lan munduan parte hartzeko zailtasunak, diru sarreren eskasia, etxebizitza propio edota alokairuan hartzeko eztabaidak, izan dira hauen ardatza. Azken datuen irakurketek ez dute leku onean uzten gazteen egoera kasu honetan eta Gazte Abertzaleaketik hainbat irtenbide proposatu ditugu foro ezberdinetan etxebizitzen politiken bitartez, formakuntza eta norberaren egoera ekonomikoa kontutan hartzen dutenak.

Aspaldiko hausnarketetan Gazte Abertzaleakeko kideok etxebizitza eskubide subjektibo bezala antzeman genuela. “Jabetza = segurtasuna” ideiaren aurrean “ohitura” besterik landu ez duten politiketatik atera eta alokairu ideia bultzatuko duen “beharrezkoa den ohitura” zabaltzea ohitura berrien gako bezala ikusten dugu. Alokairu soziala ez beste izan behar du, sarrera minimo bat ez dena kontutan hartuko eta etxebizitza parke publikoaren gabezia dagoen bitartean etxebizitza pribatuaren erabilerara jo beharko litzatekeena, politika hauek aurrera eramateko helburua behar adina etxebizitza publiko izatea izango bada ere. Hutsik dauden etxebizitzetan kanon baten ezarketa etxebizitzen espekulazio aurre egiteko eta ateratzen den diru horrekin etxebizitza publikoaren promozioan inbertitzea gure planteamenduetan azaltzen diren ideiak dira, esan bezala foro ezberdinetan aipatu ditugunak.

Bestalde, lan merkatuari begira tamalez egoera ez da hobeagoa. Espainiako ekonomiaren gaur egungo egoera azken hamarkadetan lortutako gizarte- eta lan-eskubideak desegiteko erabili dute PSOEk zein PPk, euskal langileen egoeraren okerragotuz, argi eta garbi. Eta zoritxarrez EAJk Jaurlaritzatik gazteek enplegu duin bat izateko ez ditu eskaintzen neurriak eraginkorririk, gazte-enplegua sustatzeko politikak praktikak egiteko programak eta prekarizazio baino ez dituen sustatzen programak dira. Egoera larri horren aurrean, eremu horretan ere politikak aldatzea funtsezkoa deritzogu. Izan ere, gaur egungo politikekin, enplegua suntsitu eta errentaren banaketa desberdin historikoak eragindako gizarte-arraila areagotu baino ez da egiten. Lan-egoera oro har zaila bada, are larriagoa da gure herrialdeko gazteen langabezia-egoera. Sistema-aldaketak estrukturala izan behar badu ere, gure ustez beharrezkoa da lehen neurri gisa gazteak kontratatzeko urteko kuota batzuk finkatzea, sektore publikoan zein sektore pribatuko enpresa handietan, errelebo kontratu gehiago egiteko aukerak ematea, eta oro har lan merkatu osoan eragingo dituen neurri integralak sustatzea ( erretiro adina jaistea, aparteko orduak debekatzea, horretarako ezinbestekoa den Lan harremanetarako esparru propioa eraikitzeko eskumen guztiak exijitzea.

 

PPk Euskal Herrian eragin zuzena izan duten legeak onartu ditu, Lomce esate baterako. Nola egin ahal dio aurre euskal gizarteak halako neurriei?

Gure aburuz, hezkuntza-sistema propio baten premia gaur egungo krisi ekonomikoari eman beharreko erantzunaren funtsetako bat da. Hezkuntza-sistema funtsezko tresna da balioetan oinarritutako prestakuntza, pertsonaren garapen integrala eta bizibaldintza duinak lortzeko beharrezkoak diren mekanismo kolektibo eta indibidualak lortzeko. Ezinbestekoa da eskari horiei gure errealitate ekonomiko eta sozialetik erantzungo dien hezkuntza-sistema propio bat, eta beharrezkoa da giza balioetan oinarritutako eskola publikoaren eredu berri bat izatea hezkuntza-sistema integral baten erreferente gisa, partehartzean eta baterako hezkuntzan oinarrituta egongo den, aniztasuna errespetatuko duen, eta euskal kulturari lotuta eta mundura irekita egongo den hezkuntza publiko euskaldun, laiko, herrikoi, demokratiko, integratzaile, anitz eta kalitateko baten eredu propio bat, alegia.

Aurreko galderetan aipatu dugun bezala, beste taldeekin antolatzea datza gure egitekoaren gakoa eta horrelako gaiekin aurrera egitea guztiok batera, indarrak metatuz. Ikastetxeetan, unibertsitateetan, formakuntza zentroetan dauden ekimenetara gehitzea gure eginbeharra da eta gai hauek lantzen dituzten sektoreko taldeei laguntzea dugu helburu.

 

Euskal Herriko zenbait tokiko agintariek –Gasteiz eta Sestao, besteak beste– mezu xenofoboak iragarri dituzte. Populismoa zabaltzen ari da Euskal Herrian?

Populismoa baino, agintari horiek buruan dutena beraien ideologia baztertzailea da; berauen hitzekin maskara kentzen dute, diren bezala azalduz: xenofobiaren bultzatzaileak, bazterketaren aldekoak, hain urrun ez dauden beste garai ankerrago batzuetara eramaten gaituzten txotxongiloak. Gizarteari argi hitzegin behar zaio gai hauei buruz, beldurrak kitatzeko. Oso larria iruditzen zaigu hainbat agintariek boto apur batengatik mezu xenofoak botzatea “ Magrebiak , soilik gizarte laguntzekin bizitzen direla” esaldiak botatzen adibidez, gezurrak baino izateaz gain gizarte artean jarrerak xenofoboak sustatzen direlako. Ez da egia gizarte laguntzak jasotzen dituzten gehienak Euskal Herrira lan egitera eta bizitza duin baten bila kanpotik etorri diren pertsonak direla, beraz ezin dugu erori gutxi batzuen ideologia baztertzaileak zabaltzeko nahian botazten dituzten mezu iraingarrietan sinestu, gizarte inklusibo bat sortu ordez, gero eta klase ezberdin gehiago, gero eta getho gehiago egotea ematen du batzuen nahia dela. Agintari horiei galdetuko nieke ea zer irudituko zitzaien berain seme-alabek atzerritara (atzerrira?) joan beharko balirateke lan baten bila, bere herrian lan egiteko eta bizitza duina bat (“duin bat” edo “duina”) izateko aukerarik ez dutelako, hiri horietako agintariek horrelako tratamenduek emango balitzaizkie?

 

Ze egin ahal dute gazteek berdintasunaren alde? Emakumeek ere pairatzen dute diskriminazioa. Feminismoa bultzatzea izango da Gazte Abertzaleen lehentasuna?

Gazteok berdintasunaren alde egin dezakeguna ez da gutxi. Lehenik eta behin pentsatu behar dugu zer nolako sisteman kokatuak gauden. Heteropatriarkatua ardatz, sistema honek kontrol –eta menderatze- mekanismoak martxan ditu hainbat giza- talde katailatuta izateko. Guretzat berdintasuna, jarrera askatzaileetan oinarritzen dugu, eta puntu honetan bi gai borobiltzen ditugu:
Askatasun sexuala gure habeetako bat da. Sozializazio sexistaren eragin handia jasaten duen emakumeen eta gizonen bizitzaren eremu bat da sexualitatea. Haurtzarotik, gorputzaren, nahien, plazeraren, bikotearen, maitasunaren, sentimenduen, sexu-harremanen, afektuen adierazpenaren eta abarren oso kontzeptualizazio desberdina hartzen dugu gure gain. Alde batetik, emakumeen sexu-autonomia mugatuta egon da, gizarte- penalizazioak gogor egiten baitie beren gorputzaren eta sexualitatearen jabe agertzen diren eta sexualitatea askatasun osoz adierazten eta garatzen duten emakumeei. Bestalde, gizonen sexualitate-eredu soziala hertsiki lotuta dago sexu-organoekin, koitoarekin,
heterosexualitatearekin, eta, beraz, ugalketa-helburuekin. Eredu horretatik kanpo geratzen den sexu-adierazpen edo jolas erotiko oro maila txikiagokotzat, aurretiazkotzat edo amaitu gabekotzat hartzen da kasurik onenean, eta patologikotzat txarrenean. Matxismoa eta horren adierazgarri nagusietako bat, hots, homofobia dira “heteronormatibititate maskulino” horren euskarriak. Eredu baztertzaile hori nagusi da oraindik, eta, aniztasuna galarazteaz eta gizonen sexu-askatasuna zigortzeaz gain, emakumeen sexualitatearen boluptuositatearen, gorpuztasunaren eta desiren gainetik ezartzen da. Beraz, gure erakundea gai hau bere trinkotasunean jorratzen dugu, Bizigay elkartearekin batera, heteronormatibitatearen aurkako bidea jarraikiz, ahal dugun esparruetan jarrera proaktiboa sustatuz gai honekiko.

Bestalde, eta askatasun sexualarekin erlazio hertsia duen emakumeen errealitatea eta feminismoaren inguruko hausnarketa, Gazte Abertzaleakeko jarrera askatzaileetako sailean kokatua dugu ere. Emakumeak oraindik ez dira eskubide osoko herritarrak. Emakumeek mendetasuna pairatzen dute sistemaren funtzionamenduan. Gazte Abertzaleken helburua emakumeen eta gizonen arteko gizarte-harremanen eredu berri baterantz aurrera egitea da. Nolanahi ere, espazio eta baliabideen, erabakiak hartzeko aukeraren, zaintzaren, ordaindutako lanaren eta, azken batean, bizitzaren eta guztion eskubide eta betebeharren banaketa zuzen eta bidezkoan oinarrituta eraiki behar da eredu hori. Urteetan Feminismoak berak eskaini dizkigun ildoak jarraitu behar ditugu, duda barik. Gazte Abertzaleakeko kideren batek “feminismoa egunerokotasunari aurre egiteko jarreran oinarritzen dela” esan zuen eta esaldi horrekin gelditzen naiz galdera hau erantzuteko. Gazteok egun Euskal Herrian mugimendu feministak hartzen ari den indarrari heldu behar diogula argi dugu eta indar horrekin, gazte sektore ezberdinetara zabaldu behar dugun jarrera izan behar du. Munduaren aurrera, heteropatriarkatutik, feminismoaren ahalduntzera igaro behar gara. Bide batez, zoriondu eta eskertu nahiko nuke Ondarroan “Emakume Abertzaleon Topaketa Feministan” beraien ideiak, denbora eta lana eskaini zuten ehunka emakumeei. Benetan, munduak aldaketa bat eman behar baldin badu, aldaketa hori feminismoak proposatzen ari den bidetik joan behar da: herrietako gune txikienetatik, erakunde publiko nahiz pribatuetara, emakumeen parte- hartze aktiboa eta kalitatezkoa bermatuz, mendeetan heteropatriarkatuak ezarri dituen kontrol –eta menderatze- mekanismo sozial guztiak apurtuz.

 

Joan den urtean, Kataluinako gizarteak herri galdeketa batean parte hartu zuen. 2015an euskal gizarteak bere etorkizunari buruz erabaki ahal izango du?

Euskal Herriak bere etorkizunari buruz erabaki nahi duenean ez da izango harresirik hori etengo duenik. Argi dugu, herri baten nahia indar geldiezina sortzen duela eta hori da Katalunian egungo egoerara iristea lagundu diona. Kataluniako gizarteak urrats asko eman ditu eta berauen borondatea balioan jarri dute, edozein legediaren gainetik. Estatu espainolak ezartzen duen bidegabekeriaren gainetik, herri baten nahia gailentzen doa, Kataluniako alderdi politikoei akordio bidean jartzea behartuz. Euskal Herrian halakorik gertatu ahal da? Bai, noski. Baina horretarako Euskal Herriko gizartea piztu behar da, motibatu, arrazoiak eman eta azkenik antolatu. Argi dugu alderdien arteko adostasuna lortzea gai honen inguruan zaila dugula, hainbaten etxeetan euren interesek pisu gehiago baitute herri- interesak baino. Guk horretan jarraituko dugu, 2015a data polita bada ere, gizartearen antolaketa baitan kokatzen dugun ekimena da, beraz, lanean jarraituko dugu nahi hori ahalik eta lasterren bideratu ahal izateko.