slide

  • Eman euskarari arnasa, bizi euskaldun

    Euskara gu guztion altxorra da, ez putzu sakon eta ilun batean gordetzeko altxorra. Euskaldunok ezpainetan dugun lanabes baliotsua da, elkarrekin partekatzekoa. Muxuak bezalaxe, ezpainetik ezpainetara salto egiten duen animalia da, elikatu eta zaindu beharreko laguna. (gehiago…)

  • Ez  ikaratu

    Ez ikaratu

    Azaroaren 25a “Emakumearen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna“ bada ere, egunkarietako azaletako irudia bihurtzen bada ere, Nazio Batuen Erakundearen mikrofonoetan, erakundeetako adierazpenetan, eta bularretan lazo lilak eramaten badira ere, azaroaren 26an ahantziko den postureo hutsa izango da; propaganda amaitu orduko, …

  • Azaroaren 5eko herri galdeketetan, bai independentziari

    Erabakiaren aroa da eta Gazte Abertzaleak gazte erakundetik argi dugu zein den gure bidea Euskal Herri alai, anitz eta aske bat lortzeko: independentzia. Hori dela eta, azaroaren 5ean egingo diren, eta etorkizunean burutuko diren herri galdeketa ezberdinetan parte hartzen egongo …

Gure babesa Kaskarotenea ikastolari! Larunbatean danok Ziburura!

3 Aza, 2014 Euskara

ziburu

Euskal Herriko hainbat eragilek babesa eman diogu Ziburuko Kaskarotenea ikastolari, eta ikastolek azaroaren 8rako Ziburun antolatu duten manifestaziora joateko deia egiten dugu.

Jarraian adostutako idatzia:

Kezka handiz ikusten ari gara azken hilabeteotan guztiotan, Ipar Euskal Herrian ikastolen garapena eragozteko hainbat lekutatik iristen ari diren ekimenak. Hain justu, Seaskako ikastolek jauzi kualitatibo eta kuantitaboa egin duten garaian; jaiotza tasek behera egin duten arren, ikastoletako matrikulazioek gora egin dutenean; ikastoletan haurrak matrikulatzen dituzten gurasoen profila dagoeneko askotarikoa denean, ez direnean soilik euskal militante sutsuak; Ipar Euskal Herrian eragile eta alderdi politiko ia guztiek ikastolari sostengua ematen diotenean.

Iragan ikasturtean Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolak jarri zituzten jomugan. Prefetak eta suprefetak Falloux lege zaharkitua tiraderatik atera, eta hura astinduz, bi ikastola horiek eta Seaskako beste guztiak mehatxupean jarri zituzten. Zorionez, atzera egin zuten, baina egoera ez zen lehengoratu; aitzitik, mehatxu hori une oro erabiltzeko ateak zabalik dirau.

Aurtengo ikasturtean, berriz, auzapez bat da Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aurka ekin diona, nola ekin gainera: ikastola auzitara eramanez, ura eta argindarra eteteko mehatxu eginez, eta, orain, ikastola husteko polizia indarrak ere erabiliko dituela ohartaraziz. Gainera, epaileak ezarritako eguneko ehun euroko isuna ez zaio aski, eta eguneko laurehun eurokoa eskatu du.

Badakigu afera honen muinean euskararen ofizialtasun eza dagoela, eta ikastoletan, zehazki, ikastolentzako lege baten falta. Baina, horrekin batera, uste dugu badela garaia eraso hauek guztiak amaitzeko, eta era berean, badela garaia eraso hauei guztiei erantzuteko.

Horregatik bat egiten dugu Euskal Herriko ikastolen komunitateak gaur zortzi adierazitakoarekin: hau ez da ikastola bakar baten aurkako erasoa, ezta ikastolen aurkako erasoa ere soilik; hau, euskarari, euskal kulturari, euskaraz bizi nahi duen herri bati egiten zaion erasoa da.

Horregatik uste dugu, iragan ostiralean ikastolen komunitateak esan bezala, erakunde eta eragileok ere badugula erantzukizuna afera honetan, eta orduan luzatu ziguten eskaerari erantzutera gatoz.

Neurri horretako erasoak, izan ere, neurri bereko erantzuna behar baitu: Ziburuko auzapezak zehazki, baina baita haren moduko ekinbideak egiten dituztenek, ikusi behar dute aurrean ez dituztela Kaskaroteneko hamahiru haurren gurasoak bakarrik, edo ikastolak bakarrik. Aitzitik, euskaraz bizi nahi duen herri bat, euskaraz bizi nahi dugun herritar guztiak gaudela ikusi behar dute.

Hori dela-eta bat egiten dugu ikastolen deiarekin, eta herritarrak bat egitera deitzen ditugu azaroaren 8an, larunbatez, arratsaldeko lauetan, Ziburuko kaleetan egingo den manifestazioarekin.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Udalbiltza, AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Sortzen, Biga Bai, Berria taldea, Bertsozaleen Elkartea, ELA, LAB, Ernai, Gazte Abertzaleak eta baita kultura munduko beste hainbat ordezkari ere.