URRIAK 12: EZER EZ OSPATZEKO

Berriro ere beste Urriak 12 baten aurrean kokatzen gara gaur. Zorionez, aurten, desfile militarrik ez dugu ikusi beharko gure inguruan. Hala ere, ezin dugu ahaztu Espainiako militarrak aise ibili zirela gure txokoetan “desinfektatzearen” aitzakiaz euren ikur eta presentzia azpimarratzen. Baina militar eta Hispanitatearen senaren azpian topatzen duguna zapalkuntza eta genozidioa da, eta hori ezin da ahaztu.

500 urte baino gehiago pasa dira Espainiar inperioa Amerikara iritsi zenetik, Gazte Abertzaleko kideok argi dugu ez dela zilegi gaur gaurkoz horren errudunak epaitu. Baina, ere berean, memoria demokratikoaz hitz egiten den honetan, ezin dugu pasatzen utzi historian zehar egon diren zapalkuntza kolonialak. Hau da, pasa zenaz gizarte gisa hausnartu eta gertatutako galera kultural eta soziala gogoratu behar ditugu.

“Urriak 12: Ezer ez ospatzeko” diogunean, ez da soilik espainiartasun banalez jositako nazionalismoari egiten diogun kritika bat, gure buruari ere errepikatzen diogun zerbait da. Gure herria zapaldua izan den moduan kasu batzuetan ere zapaltzailea izan da, eta gaurko eguna horretaz hausnarketa egiteko eguna ere bada.

Eta argi dago ezin dugula historia aldatu, baino bai ordea gure oraina, kolonialismoa eta ipar-hego zapalkuntza inoiz baino ageriago dago eta. Hori dela eta, Urriak 12 honetan ez dugu ezer ospatzeko, asko ordea borrokatzeko. Erresistentzia indigenoa ez delako historiako zerbait, gaur oso bizirik dagoen borroka baita.

Leave a Comment