slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

#7akLIBRE eta gazteria aske!

18 maiatza, 2015 Adierazpena, Araba, Audientzi Nazionala, Eskubide zibil eta politikoak

Igande honetan Gasteizeko kaleak laranjaz bete ziren. Eskubide zibil eta politikoen aldeko martxa honetan ehunka gaztek gure babesa eman genien espainiako Auzitegi Gorenak 6 urtez espetxeratu nahi zituen 7 gazteei. Manifestazioa jai-giroan eta era positiboan burutu bazen ere, aldarri politikoz, bake oinarri sendoz eta atxilotu nahi dituztenekiko elkartasun zintzoenaz bete zen Gasteizeko Andra Maria Zuriaren plaza.

Jendetzaren artean atxilotu nahi zituzten Ibon Esteban, Aiala Zaldibar eta Igarki Robles zeuden. Bertaratu ginanok, maskara laranjaz eta ileorde koloretsuz jantzia, geure babes beroena eman genien. Herri harresia osatu genuen euren inguruan Ertzaintzak, espainiako sasi-justiziak agindua, eraman ez zitzaten.

Espetxeratu nahi zituztenen krimena? “Banda armatuaren kide” izatea. Antza denez, herri honetan politikagintzan ibiltzea “terrorista” izatea da. Euskal Herrian gazte izatea eta ezkertiarra izatea aspaldi bilakatu zuten “terrorismo”, Egunkariak euskaraz idaztea bezainbeste. Eta nahiz eta aitortzak inkomunikazio egoeran eta torturapean lortuak egon, Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak mutu, itsu eta giza eskubideen urraketen buru izaten jarraitzen dute.

Gaur goizean Espainiako epaitegi frankista batek emandako aginduari men egin du Ertzaintzak, eta Gasteizeko Andra Maria Zuriaren plazan zeuden gazteen duintasuna, konponbiderako aldarria, eta erresistentzia baketsua zanpatu nahi izan dute, kolore laranja odolgorrituz. Euskal gizarteari eragindakoen lekuko lotsatuak izan gara gaur ere. Loiolan egin zuten bezala, kolpez desegin dute Herri Harresia, atxilotu nahi dituztenekiko elkartasuna desegiten lortu ez badute ere. Atxiloaldian 60 gazte inguru zauritu dituzte, banan-banan Herri Harresitik ateratzen eta hainbat atxilotzen ere. Haietatik gutxienik bi, anbulantzian eraman dituzte erietxera. Beste behin ere, bortizkeriaren bitartez, Ertzaintzak ekimen baketsu bat porraz eta odolez desegin du.

Sinesgaitza bada ere “zoru etikoa, bake plana, elkarbizitza…” bezalako hitzak modan daude Euskal Herrian, baina hitz soilak dira. Ekintzetara igarotzean, bakea porra eta armaduragatik aldatzen dute; zoru etikoa gazteak zorutik arrastaka eramateko teknikatzat dute; eta elkarbizitza, gertatutakoak eskutatzea, errelato faltsua egitea, eta euskal gizarteari gezurrak transmititzean datza.

Honegatik guztiagatik, beste behin ere, euskal gizarteari egindakoa eta bereziki euskal gazteriaren aurkako jazarpenen etetea exijitzen diogu Espainiako Gobernuari. Berriro ere, Ertzaintza Estatu españolaren txontxongilo eta beharrezko gaizkide ez izatea eskatzea lotsa ematen digu Eusko Jaurlaritzari. Ertzaintzaburuaren dimisioa eskatzea soilik geratzen zaigu Urkulluri.

Herri Harresi eta erresistetzia baketsuaren bitartez, #7akLIBRE eta gazteria aske!