slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

Eskubide Zibil eta Politikoen Defentsan, GAZTERIA AURRERA!

30 Aza, 2010 Eskubide zibil eta politikoak, Gazteria

GAZTERIA AURRERA!

Gaur goizean agerraldia burutu dugu Durangon beste hainbat gazte eragilerekin batera. Bertan, gazteok jasaten dugun errepresioa salatzeaz gain, gazteok gure proiektu eta ideiak askatasunez garatzeko bermea izan behar dugula argi eta garbi utzi nahi izan dugu. Aldarrikapen hori kalera atera nahi dugu beste behin, horregatik gaur Durangon bildu garen alor, eremu eta sentsibilitate ezberdineko gazteok manifestazioa deitu dugu Abenduaren 6rako “Eskubide Zibil eta Politikoen Defentsan, GAZTERIA AURRERA!” lemapean.

Hona hemen agerraldiko testua osorik:

Eskubide Zibil eta Politikoen Defentsan, GAZTERIA AURRERA!

Berriro ere, gazteon eskubide zibil eta politikoen urraketaz aritu behar gara. Berriro ere, gazteria kolpatua izan da.

Orain urtebete, hemen, Durangon, 34 gazteren atxiloketak salatu genituen. Oraingoan, iragan urrian emandako 14 gazteen atxiloketak salatzeko beharrean aurkitzen gara berriro. Hamarnaka gazte izan dira berriz ere atxilotuak, inkomunikazio aldian torturatuak eta espetxeratuak, lan politikoa gauzatzea izanik hauen kontrako argudio bakarra.

Urte guzti honetan zehar, asko izan dira Euskal Herrian ziklo berri bat eraikitzeko emandako pausoak. Gazteok ere ez gara albo batera geratu, eta urrats berri hauetan aktiboki parte hartu dugu. Eskubide zibil eta politikoen bermearen aldarria izan da konponbiderako norabidean, indar gehien harturiko exijentzietako bat.

Gazteok paper garrantzitsua jokatu dugu aldarri honetan. Hemen bertan lanean hasi eta Europaraino eraman dugu eskubideen bermearen exijentzia. Bat egin dugu eskubide guztien defentsan antolaturiko manifestazio eta ekimenekin.

Gure eskubideen defentsan manifestua ere osatu dugu… Baina berriro ere, eskubide zibil eta politikoak, dagozkigun eskubideak, ukatuak izan zaizkigu.

Gazteriak lanean aritzeko legitimitate osoa daukala errepikatu dugu behin eta berriz. Gazteok gure proiektu eta ideiak askatasun osoz defendatzeko bermea izan behar dugula errepikatu dugun bezala. Proiektu guztiak aukera eta berme berdinekin aurrera eramateko eskubidea daukagula ozen oihukatu dugu. Baina honen aurrean Espainiar Estatuak entzungor egin eta errepresioa areagotu egin du. Aurrera pauso nabariak eman diren arren, jendartearen eta gazteriaren gehiengoak konponbide eta normalizazio politikorako konpromiso sendoak hartu ditugun arren, estatuaren jarrerak bere horretan dirau, errepresioa izanik gazteoi eskaintzen digun aukera bakarra.

Arriskutsuak omen garelako atxilotzen gaituzte. Baina egoera ikusita, zein da benetan arriskutsua? Zein da eskubideak urratzen dituena? Zein da mehatxatu, jipoitu eta torturatzen duena?

Gu ez!

Honen aurrean, aski da esateko garaia heldu da. Hemen gaude, abiarazitako bidean pauso gehiago ematen jarraitzeko prest, elkarlanetik, gure eskubideen bermea errealitate bihurtu dadin. Ez gara urraketen salaketa hutsera mugatuko, aurrerantzean ere, ilusioz, eta gazteria ezaugarritzen duen konpromisoaz, lanean jarraitzeko asmo sendoa baitaukagu. Paper garrantzitsua daukagulako herri honen orainean eta geroan, eskubide guztien defentsan, gazteria inplikatzeko konpromisoa hartua daukagu.

Horregatik, hemen bildutako arlo, eremu zein sentsibilitate ezberdineko gazteok, Abenduaren 6an, euskaldunon eskubideak urratzen dituen Konstituzio Espainiar arrotzaren egunean, “Eskubide Zibil eta Politikoen Defentsan GAZTERIA AURRERA!” lemapean, 17.30tan Durangoko Landako Erakustazokatik abiaraziko den manifestaziora deitzen dugu gazteria.

Gure ahotsa entzun dezatela, hemen gaude eta hemen jarraituko dugu! Abenduaren 6an gazteok Durangora!”