slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

Gazte Abertzaleakek Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan modu eraikitzailean lan egiten jarraituko du

10 Mar, 2018 Prentsa Oharrak

Gazte Abertzaleakek PP eta PSOEren gazte erakundeek Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren aurka azken egunetan eginiko adierazpen eta akusazioen harira bere iritzia publikoki adierazi nahi du. Eusko Alkartasunaren gazte erakundeak bere konpromisoa berresten du Kontseiluarekiko eta modu eraikitzailean lanean jarraituko du berau indartzeko. Era berean, Nuevas Generaciones (PP) eta Juventudes Socialistas (PSOE) erakundeek erabaki “antzeztu eta fortzatu” bat justifikatzeko gezurretan ari direla salatu du.

Gazte Abertzaleakeko Idazkari Nagusi den Asier Gómezek argitu du EGKko Zuzendaritza Iraunkorrean aurkeztutako dimisioak Juventudes Socialistas erakundeko kideenak direla soilik. “Juventudes Socialistasen ordezkaritza gehiegizkoa zen EGKn eta Iraunkorrean, iruzur bat zen erakunde sateliteak erabiltzea 9 postutik 4 betetzeko, lehendakari-ordetza barne.”

Gómezek berretsi du Gazte Abertzaleakek lanean jarraituko duela modu eraikitzailean EGKn, “kontseiluaren papera indartzeko” euskal gazterian. “Orain arte bezala lanean jarraituko dugu, izpiritu kritiko eta eraikitzailearekin, beste batzuetan egin dugun bezala, Patxi Lopezen murrizketen eta erasoen garaian egin genuen bezala non Juventudes Socialistas isilik egon zen.

Gazte Abertzaleakeko Idazkari Nagusiaren ustez, Juventudes Socialistas-en erabakia “forman zein funtsean antzeztuta” izan da. Bere ustez “ez dauka batere zentzurik Juventudes Socialistasek bere irteera EGKtik orain planteatzea, behin sei urte pasa direla ETAk bere jarduera armatua utzi zuenetik, eta jakinda EGKko Asanblada Orokorra egun pare batzuetan ospatuko dela; hain zuzen ere Asanblada Orokorra toki aproposa izanik holako eztabaidak jorratzeko”.

Gómezek ere Juventudes Socialistas-ek kezkatzea “EGKko Iraunkorraren gehiengoa beraien alderdikari jokoan ez sartzeagatik” gaitzetsi du. “Duela aste batzuk EGKk Egunkariaren itxiera eta Martxelo Otamendik pairatutako torturak ez oroitzea nahi zutenek, orain etika eta giza eskubideak zer diren irakatsi nahi digute”.

Nuevas Generaciones-i dagokionez, Gómezen ustez, Juventudes Socialistas-ek hartutako erabakia erabili nahi izan dute protagonismo bila. “Badaramate denbora asko EGKn parte hartu gabe, eta jada 2016ean proposatu zuten EGKren itxiera; objetiboki zaila izango da beraien falta nabaritzea”.

Asier Gómezen ustez, bai PSOE zein PPko gazteriek EGKrekin duten arazoa, hain zuzen ere, da “ez dutela onartu nahi euskal gazteria anitza dela, beraiek gutxiengo bat direla, eta ezin dezaketela beraien ikuspuntua inposatu; horregatik beraien menpe ez dauden organoei zilegitasuna kendu nahian dabiltzate”.