slide

  • Gazte  Abertzaleakek  Maravillas  Gaztetxearen  hutsaraztea  arbuiatu  du  eta  Geroa  Bairi  aldaketaren  gobernuari  sabotajea  egitea  leporatu  dio  PSNrekin  ordezko  gobernua  bilatzeko
  • Ez  ikaratu

GaztEHerriaren aurkezpena

11 Mar, 2010 Gazteherria, Gazteria

Gazteherriaren prentsaurrekoa

Gaur goizean GaztEHerria aurkeztu dugu hamarnaka gaztek Ibaetako campusean. Bertan dinamika eta Gazteriaren Adierazpena aurkeztu ditugu. Hain zuzen ere adierazpen hau izango da dinamikaren oinarri politikoa. Horretaz gain apirilaren 2an Durangon burutuko den ekimenean eta Aberri Egunean parte hartzeko deia luzatu diegu gazte guztiei. Hona hemen testua:

Hasteko, eskerrik asko hona hurbildu zareten guztioi.

“Munduan bada bazter bat (ez genuen sortu orduko hautatu) gure herria erizten duguna.” Hala esan zuen Joseba Sarrionandiak Harriak eta Herriak poeman. Eta hain zuzen ere horregatik gaude hemen, Euskal Herriko hamaika txokotatik etorri eta bildu garen hamarnaka gazteok; Euskal Herriak urte luzez jasan duen ukazioarekin amaitu nahi dugulako. Gure herrian aske bizi nahi dugulako.

Herri bat gara. Gazte herri bat gara. Behinola izan genuen herri hartatik harriak baino ez zaizkigu geratzen. Harri zatitua da gure herria. Baina zergatik egingo dugu dramarik? Ez dago ezer galdua. Are gehiago, asko dugu irabazteko! Gazte konprometituak gara eta konpromiso horren erakusle nabarmena da gaur abian jarriko dugun ekimena.

Abagune politiko garrantzitsuan gaude. Euskal Herriko eragile politiko eta sozial ezberdinek Aberri Egunaren testuinguruan indarrak bildu eta independentziaren alde lanean jarduteko konpromiso irmoa hartu dute. Eta gazteok, mugimendu horretan badugu zer esana eta zer egina, noski. Herri honen oraina eta etorkizuna gara, eta beraz guri ere badagokigu independentziaren aldeko uholdean gazte olatu ahalik eta indartsuena sortzea.

Hain zuzen ere horixe da GaztEHerria, independentzia Euskal Herriaren biziraupenerako aukera bakartzat ikusten dugun gazteon bilgunea. “Ez den herrialdearen kartografoak” izango gara, Sarrik zioen eran.

GaztEHerria independentziaren alde lan egin nahi duen gazte ezkertiar ezberdinen topagunea da.

GaztEHerria independentzia tresnatzat hartuz herri honek behar duen aldaketarako gazteon ekarpena da.

GaztEHerria osatzen dugun gazteon artean adostutako Gazteriaren Adierazpena izango da gure oinarri politikoa.

GaztEHerria Aberri Egunaren bezperako egunetan egingo dugun ekimen erraldoian irudikatuko dugun gazte indarra izango da.

Alta, GaztEHerria, adierazpen eta ekimen hauetatik harago, independentziaren aldeko gazte esparru oso bat da.

Esan dugu, dinamika berri honen oinarri politikoak Gazteriaren Adierazpenean bildu ditugula. Manifestu hau azken asteetan gazte eremuko eragile eta norbanakoen artean garatu den elkarlanaren ondorioa da. Hainbat eragile eta norbanako gaztek euren atxikimendua adierazi diote dokumentu honi. Hala ere, aurrerantzean jasotako babesa biderkatzen jarraituko dugu. Honela dio adierazpenak:

GaztEHerria gara.

Eremu, arlo, herri zein auzo ezberdinetako gazteok osatzen dugun Euskal Herriko gazteria gara, Independentzian amestu eta berau elkarlanean eraiki nahi dugun gazteria. Parte hartzea oinarri izango duen gazte mugimendu zabala abian jarriz, soilik gazteon iniziatiban oinarrituriko bidea abiatzera goaz. Etorkizuneko Euskal Herria gara, eta etorkizunak izen bakarra dauka: INDEPENDENTZIA.

gazteherria

Independentzia, herri honentzat aukera bakar bezala ulertzen dugu.

Urte askotan zehar, gure herria askatasunean bizitzeko aukera ukatua izan zaigu, eta horregatik, burujabe izateko aukera bakar bezala ikusten dugu independentzia. Euskal Herria osatzen duten zazpi lurraldeen luze-zabalean, beste eredu bat eraikitzeko tresna bakar moduan ulertzen dugulako, elkarlanean independentziaren bidea marrazteko konpromisoa hartzen dugu.

Gazteon eskubide indibidual eta kolektiboak oinarri, gazteon eskubide zibil eta politikoen errespetua exijitzen dugu.

Independentziaren aldeko lana guztiz zilegi zaigu. Euskal Herriko gazteria osatzen dugunon lana askatasun osoz eramatearekin bat hezurmamituko da herri honen geroa. Eta beraz, banako zein talde bezala dagozkigun eskubideen aitortza zintzoa aldarrikatzen dugu.

Independentziaren aldeko gazte olatua sortzera goaz

Askatasun egarriz gauden belaunaldia gara, eta Independentziaren eskutik etorriko den askatasunean sinesten dugu. Horregatik, bakoitzak bere eremutik, baina elkarlanean, tantaz tanta osatzen joango den gazte olatua sortzera goaz. Independentzian sinesten dugulako, gazteriaren beharrei erantzutera eta gazteriaren mesedetara egongo den mugimendua sortzera goaz, gazteok bide propioa eraikiz, eta berau iniziatibez josiz.

Independentziaren alde, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu

Adierazpen hau oinarri, Euskal Herrian sortuko dugun Independentziaren aldeko olatu horren lehenengo tanta bezala ulertzen dugu, eta horren aldeko konpromisoa erakusten dugu.

GaztEHerriaren lehenengo urratsa

GaztEHerria osatzen dugun gazteok, Adierazpen hau oinarri harturik, Apirilaren 4an ospatuko den Aberri Egun bateratura deialdia egiten dugu. Honekin batera, eta gazte ekarpena eginez, Apirilaren 2an Durangon Independentziaren alde jaialdi erraldoia antolatzera konprometitzen gara.

Dei egiten diogu euskal gazte orori ekimenarekin bat egin eta independentziaren bidean ekarpena egin dezan, independentzia guztion artean eraikiko badugu, gazte ororen lana ezinbestekoa baitzaigu.

Herri hau askatasunera eramango duen belaunaldia gara, independentziari ateak irekiko dizkion gazte uholdea sortuko duen belaunaldia izango gara. Gu gara geroa…

Argibide gehiago: Gazteherria