“Denborarik gabe geratzen ari gara” António Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak, New Yorkeko klimaren gailurrean, iaz esan zuen esaldia da. Baina, urtebete geroago, eta mundu mailako pandemia baten erdian, askorentzat zaila da klima-aldaketa bezalako arazo batean pentsatzea.

Hondamendi bat gertatzen denean, giza izaerak gure berehalako beharrak asetzeaz arduratzen gaitu, bereziki, COVID-19 bezalako hondamendi handi baten aurrean gaudenean. Baina tenperaturen igoera drastikoa etorkizunean urrun dagoela diruditzea, ez du arazoa txikiago bihurtzen, izan ere klima aldaketarenondorio okerrenak saihesteko modu bakarra gure ahaleginak orain bizkortzea da.

Munduko Meteorologia Erakundearen (OMM) azken txostenaren arabera, 2019 izan zen datuak lortzen direnetik bigarren urterik beroena, 2016. urtea izanik hura baino beroena izandako bakarra. Laurogeiko hamarkada geroztik, hamarkada berri bakoitza aurrekoa baino beroagoa izan da. Batez besteko tenperatura globala dagoeneko gradu bat igo da industriaurreko mailekiko, eta era berean, atmosferan beroa harrapatzen duten berotegi efektuko gas-maila aurrekaririk gabeen ondorioz joera horrek jarraituko duela aurreikusten da. 2015. urteko Parisko Klimaren Gailurraren helburua izan zen mende bukaeran berotze globala 1,5°C-tik behera mantentzea industriaurreko mailetan. Hala ere, zenbait azterlanen arabera, emisioen egungo erritmoan hazkunde hori 3,2°C ingurukoa izango litzateke. Klima-aldaketa gu baino azkarragoa da, beraz, eta lasterketa galtzen ari gara.

Klima aldaketaren inpaktuak nabaritzen ari dira jada: glaziarrak urtzen ari dira, urakanak maizago eta bortitzagoak dira eta gauza bera gertatzen da lehorteekin eta basoetako suteekin. Horren aurrean, administrazioek karbono neutraldun ibilbide-orriak bideratu behar dituzte.

Hala ere, EBk 2030erako dituen klima eta energia-helburuak ez dira Parisko Akordioarekin bateragarriak; izan ere, horretarako, EBk 2030erako gutxienez %65 baino gehiago murriztu beharko lituzke emisioak, Europako Batzordearen aldaketa berriak proposatutako %55etik urrun.

Era berean, berotegi-efektua eragiten duten gasak murrizteko helburuak lortzeko asmo handiko ekimen politiko eta legegile garrantzitsuak ezartzeke daude Estatuan; izan ere, bestela, Estatua berandu iritsiko da EBk ezarritako ingurumen-helburu asko lortzera, helburu horiek dagoeneko nahikoak ez badira ere. Alde horretatik, lehenik eta behin, beharrezkoa da gaur egun izapidetzen ari den klima-aldaketari buruzko legea onestea. Lege horrek orain arte murrizketa-xedeetan proposatutakoa baino anbizio handiagoa behar du, bai eta matrize fosilaren irteera azkarra ere –konpromiso sektorialak argi eta garbi izanda, fiskalitatea eta pizgarriak berrikusi behar dira–, eta desberdintasuna gaindituko duen eta garapen iraunkorreko alternatiba argiak sortuko dituen bidezko trantsizioa indartu behar du.

Eta Euskal Herrian ere antzeko egoeran gaude; izan ere, klima aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko Eusko Jaurlaritzaren proposamenak, oraindik legerik ez dutenak, anbizio falta dute, eta gehiago begiratzen diete Petronor bezalako petrolio-enpresa handiei, EAJk ate birakariak dituen empresei alegia, karbonoz neutroa den, eta 2050 baino lehen aurreikusten ez duen, ekonomia bati baino. Nafarroan ere, aurreko legegintzaldiko Gobernuak aldaketa interesgarriak egin zituen arren, besteak beste hondakinen kudeaketa, azken aurrekontu proiektuan nabarmen murriztu ditu funts berdeen kontusailak.

Botere publikoek, nazioarteko erakundeetatik, tokitik tokirakoetara, urratsak eman behar dituzte aurrera, baina ez dira bakarrak. Guk ere, gizabanako garen aldetik, urratsak eman egin behar ditugu. Izan ere, gure bizimoduari buruz hartzen ditugun erabakiek eragina dute sortzen ditugun emisioetan, bereziki elikadurarekin, etxearekin eta garraioarekin lotutakoetan.

Beraz, Parisko Akordioaren konpromisoak betetzeko, sektore publikoa, enpresak eta gizarte zibila mobilizatu behar dira. Hala ere, mobilizazio bateratu hori konplikatua izango da egongo egoerarekin, alegia, Administrazio desegituratua, krisian dauden enpresak eta motibaziorik gabeko populazioa. Baina ezin dugu onartu. Krisi berri batek berandu baino lehen harrapatzea nahi ez badugu, denok egin behar ditugu urratsak klima-aldaketaren aurkako borrokan.

Gazte Abertzaleetatik argi daukagu, ekiteko garaia da. EKIN!

Leave a Comment